Ager Izagirre Loroño: “Gauzarik onena, inork jakin gabe, herriaren alde lanean dabilen jendea ezagutzea da”

Ager Izagirre

Ager Izagirre Loroñok alkategintzan 8 urte betetzen ditu jada, 2019ko bozkaketak irabazi zituenetik. Aurten, bere azken urtea denez, bere lanaren alderdi ezberdinak azaldu eta honi buruzko dudak argitu dizkigu animo osoz.

Autoreak: June Argaluze eta Aiora Goiri

2023a zelan? 

Momentuz ondo esan dezakegu, nahiz eta maiatzean hauteskundeak izan, herria ez da gelditzen, beraz, eguneroko lanari eutsi behar zaio.

Nolakoa da zure egunerokotasuna?

Alkate izateak badu zerbait, sarritan eguna antolatuta izan arren, ez dakizula nolakoa izango den. Normalean, zortzirak aldera egoten naiz udaletxean, eta hortik aurrera, jendearekin egon, herritarrekin, gobernuko langileekin, … Denetarik egiten dut. Gogoan dut, lehen Bilboko alkatea zenak, Iñaki Azkunak, oso famatua zenak, alkatea izatea zer zen galdetuta hauxe erantzun zuela: “batzar batean zaude Amerikatik etorritako inbertsore batzuekin eta hurrengo batzarrean txakurren kakak kale alboetatik nola kendu pentsatzen zabiltza. Hori da alkate izatea”.

Nolakoa izan da zure ibilbidea alkatetzan?

Azkenean balantzea positiboa izan da. Azken batean, zortzi urte egin ditut alkate bezala eta jada ez naiz hurrengo hauteskundeetara aurkezten, beraz, kargua utziko dut eta esan dezaket ibilbide polita izan dela. Lan, pertsona eta ibilbide guztiak bezala, momentu on eta gogorrak izan ditugu, lehenik pandemia dela eta jasan izan duguna dela eta, orain, aldiz, Ukrania eta Errusiaren arteko gerra dela eta ondorioak jasotzen ari garelako, … baina bueno, ikus daiteke herritarren artean eta langileen artean lan egiteko gogoa dagoela eta horrek poztu egiten nau.

Zerbait botako duzu faltan?

Nik, normalean, faltan botatzen dudana lagunak dira, lagunekin ditudan momentuak. Beste lan batzuetan ere aldatu izan dut, nire ibilbide profesionalean zehar eta faltan botatzen duzuna pertsonak dira, pertsonekin sortutako harremanak. Azken fienan, lana, lana da, konpromiso batengaitik etorri nintzen hona, konpromisoa betetzeko ahalegina egin dut eta emaitza onak atera ditut horretatik, baina batez ere lagunak egin ditut. Nire alboan dudanaren modukoak.

Espero zenuena izan da alkatetza?

Bai, banekien, ni udalean egonda nintzen, zinegotzi bezala,  eta beste udal batean lan egiten dut teknikari bezala. Orduan udal mundua ezagutzan nuen jada eta banekien alde batetik lagunak lortuko nituela eta egindako aukeraren batengatik ere etsaien bat lortuko nuela. Azkenean erabakiak hartzea ez zaie denei gustatzen, eta zuei ere gertatuko zaizue, zuen aitak edo amak hartutako erabakiarekin ez zarete beti ados egongo. Beraz,  niri gertatzen zaidan bezala,  hori normala da.

Zein alderdi positibo nabarmenduko zenituzke?

Nik beti esaten dut alkate edo ziengotzi izatearen gauzarik onena, hainbat jende ezagutzea dela, inork jakin barik besteen alde dabilela lanean herrian, elkarteetan edo elkarte barik, bolondres, ezeren truke. Kirol munduan, kultura munduan, gizarte arloan, errezidentzietako nagusiekin dabilen jentea, … Gauzarik onena hori da, jentea ezagutzea eta horretaz konturatzea. Zenbat jende on dagoen herrian!

Alkatetza utziko duzunez, nola ikusten duzu alkateordea?

Oso ondo. Hemen alboan dut, Alaitz Erkoreka. Herriak aukeratu behar du eta ez dakigu zenbat hautagai egongo diren, baina sei edo zazpi hautagai egon ahal izango dira.

Nik Alaitz izatea espero dut, noski. Gure aldetik bera izango da hautagaia, 8 urtez egon da nirekin alkate orde bezala eta nik konfiantza osoa dut beregan eta beragaz joango den taldean. Beste bat bada, herriak horrela aukeratzen badu, onartu egin beharko da eta herriaren alde lanean jarraitu, ez dago besterik.

Zelakoa da zure soldata?

Ez naiz batere kexatzen daukadan soldatarekin, nik oso soldata ona dudala uste dut, hala delako, baina bi gauza nabarmendu nahi ditut. Soldaten kontua erlatiboa da, eta lehenik, udalean daudenek bakarrik kobratzen dutela ikusi behar duzu. Horren arabera aterako zaizu gutxi gora behera alkateak zenbat kobratzen duen.