Asier Legarreta: “kateak aurrera darrai, transmisioak ez du etenik”

Asier Legarreta bertsolari eta filologoa bertsotan aritu izan da urteetan zehar. Ahoz ahoko transmisioan eragina izan duten hainbat aditurekin jardun izan da, hala nola, Jon Lopategi edota Andoni Egañarekin.

Asier Legarreta 1973. urtean jaiotako bertsolari, euskal kulturaren sustatzaile, eta hainbat libururen idazlea da eta euskal filologoa da. Asierrek gaztetatik izan du euskal kultura sustatzeko grina.

Noiztik aritu zara bertsotan? 

Data zehatz bat ematearren, mila bederatzirehun eta laurogeita hamabian hasi nintzen Lopategiarekin eta bertsotan plazan, orain hogeita hamar urte, 1995eko maiatzean esango nuke.

Nondik atera zendun grina bertsotan hasteko?

Euskara ikasgaia gustatzen zitzaidan eta eskolan bertso idatziak ageri ziren, esaterako, Txirrita, Pello Errota, Enbeita “Urretxindorra”,…  Lopategi oraintsuago. Gustuko nituen euskal abestiak eta historia eta nahas-mahas horretan bertsolaritzan islatzen zen nire zaletasuna.

Bertsotan aritzean gehien gustatzen zaizuna?

Bertso saio informalak, taberna girokoak eta lagunartean afalostean abesten direnak. Txapelketan presio handia egoten da, azterketa edo oposaketa antzera prestatu behar da eta txapelketak oso gogorrak dira. Bideratutako ariketak daude eta akatsak garesti ordaintzen dira. Afalosteko saioak, berriz, gogokoago ditut.

Bertsoetaz aparte egin duzu libururen bat edo?

2001.urtean Mungia Euskaldunduzetik, Lazkao Txikirekin, Jon Lopategirekin eta Mañukortarekin izan genuen bertso afaria eta han jasotako bertsoekin, argazkiekin eta jendearen testigantzekin “Lazkao Txikirekin azken afaria” liburua atera genuen. Libururik zabalduena eta salduena izan da, internazionalena. Bataklan txokoan izan zan bertso afaria. Mungiako Udalak babestuta. Renon, Irlandan eta leku askotan dago orduzgeroztik liburua. Gero, handik aurrera, Juan Ormatxe “Taket” bertsolariaren biografia atera genuen, bertso eskolak beraren omenez darama izena. Meñakarra zen, baina Mungiako Nagusien Egoitzan pasa zituen azken urteak. Taket gure inguruan urrunen heldu zen bertsolaria dugu. Balendin Enbeitaren atzetik bigarren geratu zen Bizkaiko Bertsolari txapelketan 1958an. Bertsolari konpromisoduna zen, militantea eta abertzalea. Jendeak ezagutu dezan egin genuen. Azkena Eustakio Larrabeiti Trabuduaren biografia atera zen. Hainbat bertso-idatzi idatzitako  bertsolaria da. Garai bateko jende guztiak ezagutzen zituen bertso jarriak. Patxo abadeak (Gatika) batu zuen honen inguruko datu mordoa eta argazkiekin tartekatuta. Azkenik kanta liburuak ditugu, formatu txikerrean egindakoak poltsikoan eraman eta abestu ahal izateko. Kanta ala erresa 1 eta 2 eta euskal kantak Mungia Euskaldunduzen bitartez ateratakoak dira eta beste bat Algortako bertso eskolarekin. 

Zerk erakarri zaitu gehien hiru bertsolari horien biografiak egiterakoan?

Beti esan izan da bertsolaritza Gipuzkoako zerbait dela. Amurizak argi utzi zuen hemen testulariak eta koplariak egon direla. Arakatzen hasi eta gure inguruan bertsolari piloa egon da. Eureri gorazarre edo merezimentua egitearren atera genituen liburuok. Oraindik geratzen dira aipatu gabeko bertsolariak. Fredi Payak idatzi zuen liburu baten Uribe Kostako bertsolarien bilduma. Hor, Jose “Unbe” “Txorie” , Eusebito eta hainbat agertzen dira. Horri tiraka badago lana. Hor animatzen zaituztegu izendutako bertsolarien biografiak egitera, beti ere gu egongo ginateke prest hor laguntzeko.

Taket bertso eskoleari buruz egin dezakezu berba?

1992an Mungiako Lanbide Heziketan nengoela Jon Lopategi etorri zen eskolara Gatikako ikasle biri jarraipena egiten eta erdi kasualitatez edo, hasi nintzen beran eskolata joaten astean ordu erdi baino ez zen, baina nahikoa zaletzeko. Hasieran entzule, gero puntuka eta azkenean bertsotan jarri ninduen Lopategik. Garai hartan Lopategi Euskal Herriko bertsolari txapelduna zen. Gaur Maialen Lujanbio, Egaña edo Ametz Arzallus izatea bezala. Handik bertso eskola atera zen. Arinago ere bazegoen bertso eskola Mungian Amurizak 1981ean sortutakoa, baina zirkulu itzia zen. Mungia Euskaldunduzen babespean egin genuen bertso eskola berria. 1998an cif-a atera eta TAKET bertso eskola sortu genuen bertso eskola beteranoa eta berria fusionatuta. TAKET zergatik zen? egurrezko hanka zuelako, nahiz eta berari gustatu ez ezizena, berak Sollubepe bezala sinatzen zuen.

Norbait interesatzen bada zure liburuekin zein gomendatuko zenuke?

Hemengoa bazara Taket eta Eulearena gomendatuko nituzke. Liburuok zaharrak dira, baina pdf-n jarri gura dugu sarean. Norbaitek nahi badu sarean jarri aurretik, jar dadila hartuemanetan gurekin.

Zer gomendatuko zenuke euskara ez galtzeko?

Gaur egun Euskaraldia (bi urterik behin) Korrika eta hainbat ekimen egiten dira euskararen alde, tamalez hori ez da nahikoa, transmisioan dago gakoa. Transmisioa eteten bada gureak egin du. Lehen ere euskarak izan zituen erronka gogorrak, baina Ikastolen sorrerak eta “Ez dok amairu” bezalako ekimenek aurrera atera zuten gure hizkuntza. Guk ere zerbait egin behar dugu teknologia berrien aurrean. Erronka latza da, baina ez ezinezkoa. Bakoitzak bere alea jarrita asko egin genezake. Euskal Kultura sustatzeko eta transmisioa ez dadin eten.  Euskarak bere lekua aurkitu behar du gaur eguneko gizartean. Zalantza barik aurrera egingo dugu sasoi ilunak bizi arren.

Elkarrizketaren zati bat.