Azaroak 25: gizonen rola

Lazkao, azaroak 25, Goierriko HItza: Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioak iruditan, HITZA

Azaroaren 25ean mundua gelditu egiten da Mirabal ahizpak gogoratzeko, Rafael Trujilloren dikatduraren aurka egoteagatik hil zituztenak. Egun honek, beraiek omentzeaz gain, beste gai bati buruzko hausnarketa ere egitera gonbidatzen gaitu: genero indarkeriari buruzkoa, alegia. Izan ere, egun hau Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Protagonismo gehiena emakumeei ematen zaie, baina, nire ustez, gizonei buruz ere gehiago hitz egitea ezinbestekoa da. 

 Genero indarkeria ez da emakumeen arazoa soilik. Biktima nagusiak izan arren, arazoaren gainazala bakarrik dira; hau da, lehenengo ikusten duguna, edo arreta gehiena prestatzen dioguna. Askotan entzuten ditugu emakumeen aurkako erasoak, eta kexatu egiten gara. Baina, geratu al gara pentsatzen errealitate hau nondik datorren, edo nondik hasten den guzti hau? Hala bada, noizbait atera dugu nolabaiteko ondorio edo irtenbide argirik?

Aipatu dudan bezala, argi dago indarkeria hau ez dela emakumeekin bakarrik loturikoa. Lehenik eta behin, jakin beharra dago arazo honen sustraia sakon errotuta dagoela mendeetan zehar egon den sistema patriarkal batean. Sistema honen ondorioz aldatutako egitura sozialak, kulturalak, etab. alde batera utzita, bistakoa da gizonei emakumeen gaineko boterea eman edo esleitu diela. Horrek eragin du desberdintasuna eta indarkeriaren portaera normalizatzea, nire ustez; eta, gainera, normalizazio hori iraunaraztea. 

Beraz, gizonak dira nolabaiteko “boterea” dutenak, eta baliabide edo erreztasun gehiago dituztenak gizarte hau aldatu ahal izateko. Hori kontuan hartuta, funtsezkoa da beraiek arazoaren irtenbidean parte hartzea. 

Horretarako, elementu asko hartu behar dira kontuan, eta urrats ugari eman behar dira. Hasteko, gizonek genero-indarkeriaren aurkako borrokan duten erantzunkizuna beregain hartu behar dute. Nire ustez, hori betetzeko lehen urratsa hurrengoa da: gizonek gure kulturan edo sisteman dagoen matxismoa aitortzea. Askok oraindik esaten dute feminismoa urrunegi iristen ari dela, matxismorik ez dagoela… edo oraindik okerrago izan daitekeena, matxismoa onartu eta errealitate hau mantendu behar dela. Uste dut gizonek horrela jokatzen dutela konforme daudelako beraein rolarekin, esleituta daukaten botere edo kontrolarekin. Egoera hori ikusita, uste dut beharrezkoa dela kontzientziatzea.

Hasteko, gizon askok daukaten maskulinitatearen kontzeptua desegokia da. Lehen esan bezala, beraien superioritatezko rol hori gustuko dute eta guztiz onartzen dute. Besteen gainetik kontrola eta indarra daukatela sentitzea gustuko dute askok. Esaten dudan kontzientziazio horren barruan, nabarmendu beharra dago matxismoak gizonaren ezaugarri finko eta idealak dakartzala. Honek eragozten du, esleitutako gehiagotasunarekin batera, gizonek askotan daukaten ahultasuna adieraztea. Horregatik, uste dut ulertu beharra dagoela arazo honek ez diela emakumeei bakarrik negatiboki eragiten, beraiei baita ere. Nire ustez, lehenik, beraien emozioak eta ahultasunak ikusten ikasi beharra daukate; bigarrenik, gizon izateak besteen gainean nagusitasuna edukitzearekin ez daukala zerikusirik jakin behar dute.

Beraz, guzti hau ulertzen duten gizonek daukaten posizio hori erabili eta aprobetxatu behar dutela ezinbestekoa dela uste dut, esan dudan bezala, arazoaren konponbidearen parte izateko. Horrek dauzkagun egiturak eta estrukturak aldatzen lagunduko digu, genero-indarkeria bultzatzen dituztenak. Alabaina, egia da emakumeok ere paper garrantzitsu bat daukagula bide luze honetan, baina esan dudanez, gizonek dauzkaten baliabideak, ugariagoak direnak, aprobetxatu behar dira.