Jabea zigortua, okupa babestua: justizia?

Hainbat dira okupen kalteak ordaintzen dituzten pertsonak

Okupak etxebizitza batean.

 

Azken urteetan, etxebizitzen okupazio ilegalak eztabaida handia sortu du. Gero eta gehiago dira  euren etxea okupatuta aurkitzen duten jabeen kasuak eta horrek ondorio larriak ekar ditzake.

Hasteko, okupazio ilegalak jabetza pribatua apurtzen du eta hori arazo larria da. Etxe baten jabeak bere ondasuna libreki erabiltzeko eskubidea du eta norbaitek etxe hori baimenik gabe hartzen duenean, eskubide hori zapalduta geratzen da. Jabetza pribatua gizartearen oinarrietako bat da eta horren aurkako ekintzek injustizia sortzen dute jabeengan. 

Bestalde, okupazioek eragin zuzena dute auzoetan eta komunitateetan. Etxe bat okupatzen denean, inguruko bizilagunek segurtasun falta senti dezakete, batez ere ezagutzen ez dituzten pertsonak bertan bizi direnean. Horrek auzoko giroa aldatu dezake. Gainera, ekonomikoki egoera horrek etxebizitzen balioa jaistea eragin dezake eta horrek kalte egiten die auzoko bizilagunei ere. Horrela, okupazio batek ez dio soilik jabe bati eragiten, baizik eta komunitate oso bati.

Hirugarrenik, okupazio ilegalak legea hausten du eta horrek lege-arazoak ekar ditzake. Legeak jabetza eskubidea babesten du eta arauak betetzea ezinbestekoa da gizarteak ondo funtzionatu dezan. Okupazioak normalizatzen badira, jendeak legea ez betetzea ohiko bihurtu daiteke eta horrek desordena sortu dezake. Gainera, legea ez jarraitzeak ondoriorik ez badu, herritarrek justizian duten konfiantza galdu dezakete.

Azkenik, okupazioek eragin ekonomikoak ere badituzte. Inbertitzaileek beldurra izan dezakete euren etxebizitzak okupatuak izatea eta horrek proiektu berriak geldiarazi ditzake. Etxebizitza berriak eraikitzen ez badira, eskaintza gutxitzen da eta horrek prezioak igotzea dakar. Jende askok etxebizitza bat lortzeko arazoak izaten ditu eta krisia areagotzen da. Horregatik, okupazioek ez dute soilik legearekin edo gizartearekin lotutako arazoak sortzen, baizik eta etxebizitza merkatuan ere kalte egiten dute.

Ondorioz, okupazioen arazoa konplexua dela esan dezakegu, baina ezin da onartu. Nahiz eta okupentzat onuragarria izan, jendeari kaltea sortarazten die eta uste dugu egoera horri ahotsa eman behar diogula, legeak babestu egiten baititu eta ekintza bereziki lotsagarria iruditzen baitzaigu.