Ikasleek jakin zuten ekitaldi eguna berezia izango zela. Hainbat egunetako lana izan zen urriaren 4an erakutsi zutena, eta, azpimarratu dutenaren arabera, guztien inplikazioaren emaitza izan zen.
Prentsaurrekoaren helburua Larramendi Report martxan zela erakustea zen. Ikasleen nahia irakasleak bertaratzea izan zen, plataforma digitala elikatzeko haien kolaborazioa behar zutela adierazteko, eta, hala gertatu zen: DBHko irakasleen gehiengoa han egon zen, baita zuzendaria bera ere. Horrez gain, ikasleak ere hurbildu ziren, Prentsa Tailerreko ikasleek aurkeztu behar zutena ezagutzera.
Aurkezle lanetan Lorea Pereira, Iraia Gonzalez, Uxue Goiriena eta Alesandere Bilbao jardun ziren. Lehenengo eta behin, nortzuk ziren eta elikatu beharreko plataforma digitala zein zen erakutsi zuten. Ondoren, irakasleen eta inguruko ikasle-kazetarien galderak erantzun zituzten. Irakasleak informazioa eskuratzeko iturri zirela jakinda, informazioa helarazteko bidea zein izan zitekeen jakin nahi zuten, baita etorkizunera begira garatuko dituzten konpetentziak zeintzuk izango diren. Iraia Gonzalezek -DBH4ko ikaslea- zuzendari pedagogikoari erantzundako galderan azaldu duenaren arabera, ikasle kritikoak izaten ikasiko dute Prentsa Tailerreko ikasgaian: “uste dugu ikasleok ikasi behar dugula kritikoak izaten eta ez sinisten esaten diguten guztia eta honekin ikasiko dugu kontrastatzen informazioa ez bizitzeko laino baten”.
Prentsaurrekoari amaiera eman zitzaion ekitaldira hurbildu ziren guztiei eskerrak emanez. Txalo zaparrada jaso zuten Prentsa Tailerreko ikasleek. Maria Galdeano –zuzendari pedagogikoa–, oso pozik agertu zen ikasleek erakutsitako lanagatik eta Prentsa Tailerreko partaideei zoriontzeko tartea hartu zuen, batez ere, aurkezleei, bikaintasunez defendatu izanagatik bat-bateko galdera-erantzunak.