Nagore Garaioa: “Gure hizkuntza zaintzeko kontzientzia falta handia dago”

Larramendi ikastolako Euskarako irakasle eta 3.DBHko tutorea da bermeotarra

Nagore ikastolako kanpoaldean/ Egilea: Uxue Alvarez

 

Nagore Garaioa Larramendi Ikastolako DBHko irakaslea da, bera Bermeokoa da eta Euskal filologia ikasi zuen unibertsitatean. Nagorek euskara maite du eta gure klaseetan euskerarekiko duen pasioa erakusten digu. Horrez gain, zaletasun moduan gitarra jotzen du eta  “Koldobike” abestia bere gustokoenetariko bat da. Zelan eramango ote du Nagorek euskararen beherakada azken urte hauetan?

Ikasketaz euskal filologoa zara, zer iruditu zitzaizkizun egindako ikasketak? Momenturen batean damutu zara euskal filologia ikasteaz?

Lehenengo bi urteak nahiko orokorrak izan ziren eta azkenengoak euskaran oinarrituta egon ziren. Niretzako karrera oso polita izan zen euskararekiko jakin-mina nuelako eta zeozelan jakin-min hori asetzeko modua izan zen nire karrera ikastea.

Igarri duzu diferentziarik ikastolan lanean hasi zinenean sasoi horretan zegoen euskal ikasle hiztun kopuruarekin eta gaur eguneko ikasleokin?

Egia da euskararen ezagutza eta euskararen erabilera maila asko jaitsi direla. Argi dago hizkuntza bat garatzeko eta aldatzeko beste hizkuntza batzuetatik elikatu behar dela, baina ezin da gailendu beste bat euskara baino gehiago. Euskal hiztunen kopurua jaitsi bada ere, ikasleen artean euskararekiko atxikimendua badagoela sumatzen dut, jarrera aldatzeko nahia dagoela. Nik pertsonalki ikasleekin euskaraz hitz egiten dut eta badakit ikasleek ere euskaraz hitz egingo didatela, errespetu hori badago gure artean eta asko eskertzen dut. Baina bistan da egunean zehar ez direla euskaraz jarduten.

Zelako euskara maila daukagu ikasleok zure ustez?

Ba hori, orain esan dudana. Azkenean, idazterakoan arreta jartzen baduzue, ikasi egiten duzue eta, horrela, egunetik egunera hobetzen zoazte. Baina uste dut kontzientzia falta handia dagoela gure hizkuntza zaintzeko; egunerokoan erabiltzeko ohitura eza erabat nabarmena da. Gainera, sarri, euskaraz pentsatu barik erantzuten duzue, hizkuntzaren erabilerari dagokion kalitatea jaitsiz. Benetan ahaztu egiten dugu zer den euskara, nola egituratzen den eta bere ibilbidea zein izan den; hala ere, uste dut badakizuela egiten, erakusten duzuena baino gehiago dakizuela.

Irakasle moduan, pozik al zaude zure ikasleekin? 

Nik maite dut euskara eta hori ikasleei transmititzen saiatzen naiz, euskararekiko pasioa dudalako. Nire ustez, ikasleekin harreman hori sortzen dut eta euskarak ematen didana helarazten ahalegintzen naiz. Eman eta jaso egiten dudala esango nuke. Oso eskertuta nago ikasleek ematen didatenarekin.

Zure zaletasunetariko bat gitarra jotzea da, eta euskerako saioren batean “Koldobike” abestia ere jo diguzu, zelan sortu zitzaizun gitarra ikasten hasteko jakin-mina? Zenbat denbora daramazu?

Txikitatik izan naiz musikazalea. Nahiz eta ezin izan naizen musika eskolara joan, beti ibili naiz nire kabuz ikasten, etxean musika asko entzuten genuelako eta euskal musikak bereziki erakarri nauelako. Bermeon emakume batekin gitarraren oinarrizko ezagutzak jaso nituen, eta handik aurrera etxean jarraitu nuen jotzen eta euskal kantak lantzen.

Jaietan eta ikastolan askotan abestu izan dut, baita txapelketetan ere. Behin bigarren geratu ginen duo batean lagun bat eta biok. Bermeoko jaietan ere herriarentzat abestu izan dut. Nire umeekin ere asko abesten dut, letrak aldatuz, egokituz… eta horregatik pentsatzen dut musikak indar handia duela gauzak transmititzeko; nire kasuan, euskara bera da musikaren bidez zabaldu nahi dudana.

Zu hain euskaltzalea izanda, zelan izango zen zure ametsetako ikastola bat?

Aukera izango banu, berriro sortuko nituzke benetako ikastolak. Gaur egun galduta dago haien jatorrizko funtsa. Nik sinisten dut ikastolak sortu ziren sustrai eta oinarri horietan, baina aspalditik oso galdua eta distortsionatua dago ikastolen hasierako izaera, sorkuntzaren arrazoia.

Kontzientzia falta handia dago eta eroso sentitzen gara; horregatik sortuko nituzke berriro benetako ikastolak: euskaraz bizi nahi duen jendearekin, euskaraz egin nahi duen jendearekin, kontzientzia piztu nahi duen jendearekin. Niretzat, ikastolen helburua gaur egun ere argia da: euskaraz bizitzea.

Euskaraz bizitzea, eta arte musikalarekin lotutako bidea lantzea. Nire ametsa da ikastolan arte musikala egotea, eta eguneroko lanarekin batera musika ere presente egotea, batez ere, euskal musika.