Paula Ostiz, bere garaipen zerrenda bete eta bete dabil. 18 urteko txirrindulari iruindarrak zilarrezko domina irabazi du 2025eko irailaren 23an, junior mailako erlojuaren aurkakoan, Munduko Txapelketan, Kigalin, Ruandan.
Megan Arens herbeheretarra bakarra izan da Ostiz baino azkarragoa 18,3 kilometroko erlojupekoan: Arensek 35 segundo atera dizkio Ostizi. Hirugarren, berriz, Oda Aune Gissinger norvegiarra sailkatu da, Arensengandik 37 segundora. Horretaz gain, irabazi duen zilarrezko dominarekin Ostizek bi domina ditu jada munduko txapelketetan, biak zilarrezkoak. Iaz, bigarren izan zen junior mailako errepidekoan, Zurichen, Suitzan. Erlojupekoan, berriz, zazpigarren postuan sailkatu zen. Oraingoan, ordea, jauzi handia egin du, eta podiumaren bigarren koskara igo da. Europako txapelduna ere bada modalitate horretan.
